Gaur eguerdian sariketa honen berri jaso dut nire posta elektronikoan. Mezuak zera dio:
Azaroan egingo den aurtengo Zientzia eta Teknologiaren Astearen barruan, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzako sariketa bat jarri du abian Elhuyar Fundazioak: Teknoskopioa, asmatzaile gazteentzako sariketa. Sariketa horretarako, ingurune adimendunen gaia hartu dugu ardatz. Gehienez lau laguneko taldeek hartu ahal izango dute parte. Irabazleek iPod bana jasoko dute (mp3 irakurgailu bana) . Lanak euskaraz aurkeztu beharko dira, urriaren 27a baino lehen. Sariketa honen babeslea Fagor da.
Elhuyar Fundazioak, Fagorren babesari esker, gazteentzako sariketa bat jarri du martxan azaroko Zientzia eta Teknologiaren astearen aitzakian: Teknoskopioa, asmatzaile gazteentzako sariketa. Ingurune adimendunen gaia du ardatz, eta Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasleentzako da. Ikasleek gehienez lauko taldeetan hartuko dute parte. Lanak urriaren 27a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta euskarazkoak izan beharko dute. Talde irabazleko kide bakoitzak iPod bana jasoko du (mp3 irakurgailu bana).“Gaur egun ikertzaile ugari ari dira mundu osoan teknologiarekin komunikatu ahal izateko bideak ikertzen, eta beste asko ari dira horietan oinarrituz erabili ahal izango ditugun aplikazioak asmatzeko lanean. Asmatzeko, ordea, lehenengo imajinatu egin behar dugu; ideia batetik abiatu behar dugu”, dio sariketaren antolatzaileak, Garazi Andonegik. “Hori da, hain zuzen ere, Teknoskopioa-k proposatzen duen erronka: ikertzaile-lana egitea”.
Nola parte hartuGazte parte-hartzaileek imajimatu behar dute ingurune adimendunen arloan lanean ari diren ikertzaileak direla. Ikertzen denbora luzez ibili ondoren, gizartearentzako aurrerapauso handia ekarriko duen asmakuntza bat aurkituko dute, eta aurkikuntza horren berri aurkezpen baten bidez eman behar dute biltzar batean. Teknoskopioa asmatzaile gazteentzako sariketak imajinazio-ariketa bat proposatzen die ikasleei; etorkizunean erabili ahal izango den asmakuntza bat proposatu behar dute. Proposatzen duten aurkikuntza horrek ez du zertan erreala izan, imajinazioa izango da sarituko dena; hori bai, ingurune adimendunei buruzko informazioa erabili behar da proposamenak argudiatzeko. Horretarako, egun dauden aplikazioetan oinarritu daitezke, eta erabilera berriak, eremu berriak imajinatu…
Parte hartu nahi dutenek aurkezpen bat prestatu behar dute. Hori egiteko informazioa, arauak eta adibideak honako helbide honetan egongo dira urriaren 3tik aurrera: www.zientzia.net/teknoskopioa.
Einstein-ek zioen bezala "Imagination is more important than knowledge…". Ea nire ikasleek zer dioten honi buruz. Badakizue, nahi duenak utzi dezala bere iruzkina. 😉