Ultrasoinuak

20000 Hz baino maiztasun handiagoa duten presio uhinak dira. 20000 Hz baino maiztasun handiagoa dutenez gure belarriak ez ditu antzematen.

Uhin hauen ezaugarri fisikoak hauek dira: anplitude txikikoak izan arren, maiztasun handiak izateak oso energetikoak bihurtzen ditu. Uhin luzera txikia dutenez, ultrasoinuek argi izpien antzera jokatzen dute. Hori horrela izanik, oso sorta estuetan bidal daitezke eta, ondorioz, oso energia kantitate handia zuzendu dezakegu puntu batera.

Arrazoi hau dela eta asko erabiltzen da medikuntzan, zenbait ezarpen terapeutikoetan: abszesuak edota giltzurruneko harriak kentzeko adibidez. Badute aplikazioa ere bitxigintzan: ultrasoinuak parte metalikoetan, toki iritsi ezinetan kokatuta dauden materia zati ezezagunak kanpora ditzake eta ondorioz bitxiak garbitzeko erabiltzen dira. Industrian ere badute aplikazioa: soldaduran eta piezen zulaketan erabili ohi dira.

Hala ere aplikazio nagusienak medikuntza eta arrantzan agertzen dira:

Sonarra

Ingelerako “Sound Navigation And Ranging” esaldiaren akronimotik dator SONAR izena. Sonarra itsasoan zundaketak egiteko, sakontasuna neurtzeko edota oztoporik edo urpekuntzirik dagoen antzemateko erabiltzen da. Sonarrak itsas hondoan edota oztopo batean (itsasoaren erliebean, arrain talde batean, urpekuntzi batean,…) islatzen diren ultrasoinuak emititzen ditu. Seinale ultrasoniko arin bat igorri eta objektutik datorren oihartzuna jasotzen den denbora neurtuz, urpean dagoen objektua zenbateko distantziara dagoen neurtzen du. Gainera Doppler efektuaren bidez, berorren abiadura ere zehaztu daiteke.

Ekografia

Ekografiaren bitartez gorputzeko organoetan sorturiko oihartzun ultrasonikoak jasotzen dira.

Teknika honen oinarria sinplea da: gorputzeko eskualde konkretu batean 1-10 MHz-tako maiztasunak dituzten ultrasoinuak intziditu arazten dira. Ultrasoinuak gorputzean barrena sartzen diren heinean islapenak jasaten dituzte dentsitate aldaketak ematen diren gainazaletan (bi organo ezberdinen banatze gainazalean edota solido eta likidoak banatzen dituen beste batean, adibidez).

Islatutako ultrasoinuak (“oihartzunak”) aparatu elektroniko batean jasotzen dira eta honek oihartzuna sortu duten organoen posizioa azaltzen du. Oihartzunaren intentsitatearen arabera tonu ezberdineko kolore grisa azalduko da monitore batean, horrela gorputzaren irudia lortuz. Lortutako irudia estatikoa edo mugimendua izan dezake, baldin eta, ondoz ondoko irudi estatikoak jarraian monitorizatzen badira.

tags: , , ,
posted in Denetatik by Jokin


 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org