KIOTOKO PROTOKOLOAN aztertu zenaren arabera, atmosferara askaturiko CO2 kantitatea murriztea nahitaezkoa zen. Horrela ba, hitzarmenean parte hartu zuten nazioek euren karbono dioxidoaren igorpena murrizteko konpromezua hartu zuten. Konpromezuak erraz hartzen dira, baina betetzeko unean datoz arazoak.
BEROTEGI-EFEKTU eta ALDAKETA KLIMATIKOEN AURKAKO Kiotoko Protokoloak egungo ekonomian eraginik ez izateko bi modu baino ez daude; bata, protokoloa ez onartzearena izango litzateke. Ostera, mesprezuak kostu politikoa du: "natura salbatzearen aurka" doan herri oro gaizki ikusia izango da. Beraz, "naturaren aldeko" erabakiak onartzera derrigortuak daude gaur egungo nazio desberdinak: "zentzuzko erabakiak" mespretxatzeak ez du balio, hortaz. Modu honetako protokoloek estatuaren ekonomian eraginik izan ez dezaten bigarren metodoa, baldintzak onartu baina ez betetzearena izango litzateke: aldaketa klimatikoa eragozteko estatu guztien artean hartutako erabakiak onartu bai, baina gero praktikan ez jartzea; horixe gertatzen da gaur egun Espainian. Estatu espainolak garai batean onarturikoaren arabera, 1990ko gas emisioekin alderaturik, 2012koek %15ean igo ahal izango lukete gehienez. Dena dela, 2004rako emisioak %45ean handituak ziren jada, 2012rako limite hori hiru aldiz gaindituz.
Ondorioak garbiak dira, beraz: CO2 igorpenak kontrolaezinak dira gaur egun. Hortaz, zoritxarrez emisioak geldiarazteko gai ez garenez, karbono dioxidoa atzitu eta lurpean biltzeko proiektu berri bat martxan jarri dute. Proiektuak zehazki zertan datzan? Bada, zentral termikoetako tximinietatik nahiz lantegi askotakoetatik irteten den CO2-a atmosferara askatu ordez, gas hori bildu eta presio altu baten eraginpean jarriz likidotzean oinarritzen da prozesua.
Germanwatc ingurugiro-elkarteko partaide eta kliman aditua den Manfred Treber-en arabera, metodoak energia handia eskatzen du. Karbono dioxidoa igorri ostean konprimatua izan behar da ondoren likido bihur dadin. Konprimazio hau posible izateko presio oso handiaren pean jarri behar da gas kutsakorra, eta presio hori eragiteko sistemak eskatzen duen energia ez da nolanahikoa.
Ostera, badaude teknika honi alde positiborik ikusten ez diotenak ere. Hauek atmosferako CO2 kontzentrazioa murrizteko metodo bakarra proposatzen dute: erregai fosilen kontsumoa murriztearena, modu honetan energia aurreztu eta era egokiagoan aprobetxatuko bailitzateke.
Dena dela, honek gizarteak inola ere onartuko ez lituzkeen hainbat neurri eskatuko lituzke. Hiriko kaleetan zehar bere motorrarekin batetik bestera ibiltzera ohitua dagoen gazte "inkonformistak" bere motor bikaina baztertu eta garraio publikoa erabiltzearen konpromezua hartuko al luke? Noski ezetz. Egungo gizateria kontsumistak konpromezu ekologikoen aurrean azaltzen duen "gortasuna" begibistakoa da, beraz. Esate baterako, atmosferarako CO2 gasaren igorpenaren herena soilik automobiletatik dator, eta hori gutxi balitz, emisio hauek dira urtetik urtera gehien hazten direnak. Edonola ere, autoen ihes-hodiei katalizatzaileak gaineratzera inor ez da oraindik ausartu.

Atmosferako CO2 kontzentrazioa murrizteko proiektua aurkeztu zen egun berean, Espainian "automobilen salmentak historiako abuztua egin zueneko" berria eman zen jakitera. 2005eko lehen zortzi hilabeteetarako 1.069.480 automobil salduak ziren jada, aurreko urtean garai berdinerako salduak zirenak baino %2,3a gehiago. Urtearen amaierarako automobilen salmentan errekor berria lortu zen, salduriko 1,5 milioi kotxeetan finkaturik zegoena, alegia. Todoterrenoei dagokienean (2005ean euren salmentak 100.000 unitateak gainditu zituen, todoterrenoak izanik automobil guztien artean kutsakorrenak), oraindik ez zaie hiri-erabileran mugarik jarri, ezta salmenta-tasa berezirik ere, ibilgailu guztien artean kutsakorrenak badira ere.
Hala ere, gehiengo handi batek bi metodoak onartu eta bien aplikazioa eskatzen du. CO2-aren lurpeko pilaketak "hemendik 2050 urtera bitartean %20 eta %40 bitartean murriztu ahal izango lituzke atmosferarako karbono dioxidoaren emisioak", ONUak buruturiko informeak dioen moduan. "Berotegi efektuaren eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan soluziobiderik garrantzitsuenak energia iturri garbi eta berriztagarriagoetatik badatoz ere, karbono dioxidoa bildu eta metatzearen prozesua energia iturri berriztagarri horien lagungarri gerta daitekeela frogatzen du informe honek" ziurtatu zuen aurrekoak Klaus Toepfer-ek, ONUaren ingurugiro-programaren zuzendariak, hain zuzen ere. Gainera, beste zenbait erakundek ere lurpeko karbono dioxidoaren metaketa burutzen diren %15etik %55era bitarteko emisioen soluziobide izan daitekeela ziurtatzen du, IPPC taldea kasu. Talde honen arabera, prozesu berri hau negutegi efektua sor dezaketen gasen emisioa egonkortzeko soluziobide gerta daiteke. Lurpeko CO2-aren metaketa-prozesuak zabalik ditu ateak, bada.
"Ehun urteren buruan karbono dioxidoaren %99a lurpean metatua izatearen aukera handia dago. Beharrezkoa izango da."
Azken hitz hauek karbono dioxidoaren lurpeko metaketa sistemaren beharrezkotasuna agerian uzten dute. Metodo berri hau praktikara eramango al da azkenean? Berotegi-efektua nahiz klima-aldaketa geldiarazteko nahikoa izango al da? Dioten bezain ziurra izango al da? Galdera asko sortzen zaizkigu honen inguruan aditu ostean. Etorkizunak eta etorkizuneko kutsadura-arazo berriek emango diete, hain zuzen ere, erantzuna galdera hauei guztiei.