Orain dela hilabete gutxi batzuk teknologiak izugarrizko zangokada eman du asmakuntzen alorrean, eta honekin batera gizakiak aspaldidanik zeharo erakartzen eta txunditzen zuen abilezia bereganatzea lortu du; ikusezintasuna, alegia.
Japoniar zientzialari talde batek fantasia hutsa zena egia bilakatu du kapa ikusezinaren asmakuntzarekin. Horrela, gainean daramanari begiradaz zeharkatzea ahalbidetzen du tramankulu honek, pertsonaren atzealdean dauden objetuak proiektatuz ia garbitasun osoz. Gainjantziaren proiektua bukatu bezain laster, San Franciscoko teknologia erakusketa batean izan zen aurkeztua bere sortzaile den Susumu Tachi, Tokioko Unibertsitateko fisika eta informatikako irakasleare eskutik.
"Errealitaren gainetik dagoen zerbait da. Filmeetan bezalaxe, jantzi eta desagertu. Harry Potterren kapa bezalaxe funtzionatzen du, James Bond-en autoa garden bilakatzen duen efektuaren oso antzerakoa da. Inguruarekin nahasteko ahalmena ematen dio jantzita daramanari." adierazi zuen tresnaren sortzaileak.

Baina, egia esan, kapa berezi hau ikusezina izan ordez, beste edozer gauza izan daitekeela esan dezakegu; material "retro-erreflexibo" batez egina dago, argia islatzen duen lamina txikiez eratua. Janzkia, halaber, ehunka kameraz osatua dago, hauek soinean daramanaren atzealdean dagoena proiektatzen dutelarik aurrealdean, eta alderantziz. Sortzen den efektua, japoniar lantaldeak San Franciscoko erakusketan demostratu zuen bezala, ikusezintasuna da, kaparen azpian aurkitzen dena literalki ikusgaitz bilakatzen delarik.
Hala ere, esan beharra dago, efekuaren eragina ez dela erabateko, ikusezintasuna ez dela guztiz perfektua, baina bai kamuflaje-optikoa lor daitekeen zerbait dela egiaztatzeko baliagarria. Nolanahi ere, gaian adituek diotenez, efektua erabat erreala izan dadin sei kamera estereoskopiko beharko lirateke, 11.6 milioi "hiperpixelez" osatua egon (hauetariko bakoitza bisore elektroniko oso argitsu batekin), eta era berean, kapazidade handiko konputagailu baten bidez kontrolaturik egon beharko luke.
Hitz gutxitan esanda, oraindik ere ordu asko pasa behar izango dituzte lanean ikusezintasunaren alorreko teknologia hobetu ahal izateko, eta dudarik gabe, Harry Potter-ren kapa bezain eraginkorra izan dadin zertxobait itxaron beharko dugu, hilabeteak, urteak , hamarkadak… edota agian mendeak, nork daki.
Azkenaldi honetan, berria munduan zehar zabaltzen joan da, eta jadanik, militarrak zeharo interesdun agertu dira asmakuntzarekiko, inork euren presentzia antzeman gabe burutu dezaketelako euren lana. Halere, tresnarekiko zirrara ez da soilik mundu militarrean sortu, jende guztia txundituta geratu baita notizia honekin. Ildo beretik, oraindik asmakizun honetan sinisten ez dutenak ere ez dira gutxi, ezinezkoa dirudien zerbait baita, horregatik, zientzialari batek bi hitz hauekin egin zion aipamena gainjantziari: "Ezina egina"
Nolanahi ere, salgai jartzen badira (oraingoz ez, noski), instrumentu hauen prezioak izugarri altuak izango dira, edota beste modu batera esanda, ekonomikoki nahiko ondo moldatzen direnak merkealdietan ere ez dute aukerarik izango kapa ikusezina erosteko, izan ere, eta proiektuaren talde guztia bat etorri da honekin, "Potentzial izugarria duen teknologia da ikusezintasunarena".
