Datorren urriaren 3an eraztun-formako eklipsea izango dugu

Zuetariko askoak jadanik jakingo duzuen bezala datorren astelehenean eguzki eklipsea izango dugu. Egia esan aurrekoa gehixeago zehaztu beharko nuke, eguzki eklipse guztiak ez baitira berdinak: oraingo honetan eraztun-formako eklipsea ikusteko aukera izango dugu. Eklipsea bere osotasunean goizeko 9:40etatik eguerdiko 12:23ra arte ikusi ahal izango da, eraztuna ikusteko unerik egokiena goizeko 11:00ak inguru izango delarik. Horrelakoak gertatzen direnean ohi den bezala ekimen desberdinak antolatzen dira leku desberdinetan.

Hemen Euskal-Herrian, adibidez, Aranzadikoek autous bat antolatu behar dute datorren iganderako. Madril aldera joateko asmoa dute, euren hitzetan han fenomenoa ondo ikusteko aukera gehiago omen daude eta.

Bestalde, Donostiako Zientziaren Kutxagunean behaketa dorretik jasotako irudiak zuzenean jarraitu ahal izango dira goizeko 10:00etatik aurrera. Bihartik aurrera Eklipseen inguruko programa berri bati ere hasiera emango diote.

Azkenik, Iruñeako planetarioan antolatu duten programaren barnean gertaera astronomikoa internetetik emango dute zuzenean beste hainabt ekimenen artean.

Nire ikasleei ere ekimen "polit" bat bururatu zaie. Kontua da datorren astelehenean, eklipsea gertatuko den une berean, fisikako klasea dutela eta aitzakiarekin eklipsea ikusteko patiora irtetzeko proposamena luzatu didate. Uhmmmm…. eklipsea ikusteko horrelako gogorik…:wink:

tags: , , ,
posted in Sailkatu gabea by Jokin


 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org