Soinu kutsadura

Egun batzuetan hiri handi batean kalera irtetea desatsegina izan daiteke oso; egun horietan autoek, motorrek, autobusek, mailu pneumatikoek, eta abar, eragozpenak eta nekea sorrarazten dizkigute. Eragozpenak zerk eragiten dizkigun aztertzen badugu, zaratak beste poluzio mota bat sortzen duela ikusiko dugu. Beste hitzetan, populazioaren handiagotzearen, ekoizpen prozesuen mekanizazioaren eta motorrezko ibilgailuen erabilpen masiboen eraginez, inguruneko soinua poIuzio eragile garrantzitsua bilakatu da azken urteetan.

Soinua ikusezina izanik, inongo kalterik sortzen ez duela pentsa arazten digu askotan, baina denbora epe luzeetan zarataren menpe egoteak eragin kaltegarriak ditu gure organismoan, bai fisikoak (entzumen arazoak, bihotz erritmoaren aldaketak, arteri tentsioaren handiagotzea, …) baita psikikoak (lo eta kontzentrazio ahalmen galera, eraso-jarrerak agertzea, …) ere. Entzumen normala duen pertsona bati 80 db-tik gorako soinuak astean 20 ordu baino gehiagotan ez entzutea aholkatzen zaio; 96 db baino altuagoak badira 10 ordu bakarrik eta 102 db-takoak badira 2 ordu besterik ez.

Baina, orokorrean, zein kasutan kontsidera daiteke soinua poluzio eragile bezala?

  • 120 dB baino intentsitate handiagoko zaratak, sentipen mingarriak eragiten baitituzte. 140 dB baino handiagoak badira, tinpanoaren apurketa eragin dezakete eta ondorioz gortasun iraunkorra, nahiz eta denbora-tarte txikietan jardun.
  • Denbora-tarte luzeetan diharduten 60 dB baino maila altuagoko zaratak. Kasu honetan maiztasun tarte batzuetan gertatzen da entzumen-galera.

Prebentziorako neurriak.

Poluzio akustikoa murriztu ahal izateko behar-beharrezkoak dira neurri zuzentzaileak. Horrela, soinu intentsitatea murriztu egin dezakegu, gizakion belarriak onartzen duen mailara egokituz.

Hona hemen prebentzio moduan har daitezkeen neurrietako batzuk:

  • Lantegiak eta trafiko handiko bideak bizitoki-guneetatik urrun planifikatu.
  • Herri eta hirien kaleetan autoen eta motorren abiadura murriztea. Era berean, hauen ihes-tutuak egokiro kontrolatu, beraien soinu-maila legeztaturiko mailara gutxituz.
  • Eraikinak intsonorizatu; horretarako tabike bikoitzak eta beira bikoitzeko leihoak erabiliz.
  • Diskoteka eta beste dibertsio-toki batzuetako soinu-maila kontrolatu.
  • Industria-jarduera zaratatsuetan lan egiten duten profesionalek, belarrietan babesle egokiak erabili behar dituzte.
  • Ingurune oso zaratatsuek gure osasunean eragiten dituzten kalteez iritzi publikoa kontzientziatu.

Zarataren eta bere eragin txarren aurka borrokatzea, denon lana da.

tags: ,
posted in Denetatik by Jokin


 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org