Orain arte sistema fisiko idealen hhs aztertu dugu, hau da, suposatu dugu osziladorearen gainean ez dela inongo marruskadura indarrik agertzen eta oszilazioa etengabeki anplitude berberarekin ematen dela. Baina denok dakigu errealitatean gauzak ez direla horrela gertatzen.
Egia esan, HHS-rekin higitzen den sistema fisiko erreal batek (zabuan dabilen pertsona batek edota gitarra baten soka batek) marruskadura indarren eragina jasaten du energia galtzen duelarik. Honen eraginez higiduraren anplitudea murriztu egiten da, azkenik, beste indarren bat egon ezean, gelditu egiten delarik. Beraz, higidura harmoniko erreala higidura harmoniko indargetua da beti.
Ezkerreko irudian ikusten denez, oszilazioen anplitudea era esponentzialean txikitzen da. Horrela higidura harmoniko indargetuaren ekuazioa ondorengoa izango da:
Sistema oszilatzaile errealetan posiblea da oszilazioaren anplitudea mantentzea baldin eta kanpo eragile batek galdutako energia transmititzen badio. Horrelako kasuetan oszilazio behartuak direla esaten da. Honen adibidea pendulu erlojua izan daiteke non askotan penduluaren mugimendua pila baten bitartez mantentzen da; edota zabuan dabilen pertsona bati ematen zaizkion bultzadak higidura mantentzeko.
Erresonantzia
Indargetzea eragozteko beharrezkoa da gorputz bibrakorrari energia ematea baina ez edonola. Zabuan dabilen pertsona une ez egokian bultzatzen badugu zabua geldiaraztea lortuko dugu. Baina energia emateko unea ondo aukeratzen badugu, hau da, berau oszilazioaren maiztasun berean aplikatzen badugu indargetzea eragotziko dugu. Hau da, beharrezkoa da osziladorearen gainean berorrekiko erresonantzian egotea. Kanpo energia galtzen dena baino neurri handiagoan transmititzen bazaio, oszilazioen anplitudea handiegiak bihurtu daitezke eta, ondorioz, osziladorearen hausketa edo ondorio deuseztagarriak sor daitezke. Jakina da, opera abeslari batzuk gai direla beirazko kopa bat hausteko bere ahots-korden bibrazioen bidez sortzen duen soinua (musika nota) koparen partikulen bibrazioekin erresonantzian sartzen bada. Etxe, zubi eta abar eraikitzerakoan oso garrantzizkoa da zarata periodikoak sor dezaketen erresonantzi efektua kontuan hartzea.
Webgune Interesgarriak
- Can you break or shatter a glass with sound?: erresonantziaren fenomenoa ulertzeko saiakuntza polita. Bertan, edalontzi bat puskatzen ahalegintzen dira soinu uhinekin erresonantzian jarriz. Emaitzak ikusteko hemen duzu bideo txiki bat ("(c) University of Salford, www.acoustics.salford.ac.uk")
- Hemen beste bideo bat
- Cypress Street Viaduct: Tacoma-ko zubiarekin gertatu zenaren antzekoa gertatu zen San Francisco hirian baina kasu honetan ez zen haizearen eraginarengatik izan: hemen zubia erresonantzia sartu zen 1989. urtean gertatu zen lurrikara batekin.