Fenomeno fisiko askok uhin izaera dute, hau da, normalean fenomeno horien atzean uhinen propietate ezberdinak ageri dira. Hauek dira datozen egunetan aztertuko ditugunak.
Orokorrean fenomeno hauen jatorria desberdina izan daiteke. Gure kasuan hiru multzo handitan banatuko ditugu uhinen propietate orokorrak:
- Oinarrizko Fenomenoak: uhinen izaerari zor zaizkienak dira. Propietate hauen guztien atzean fisikako printzipio garrantzitsu bat dago: Huygens-en printzipioa, hain zuzen ere. Beharrezkoa izan dugu printzipio hau ondo ezagutzea uhinak nola hedatzen diren interpretatzeko.
- Uhinen gainezarmen-fenomenoak: kasu gehienetan foku bakar batetik igorritako uhinaren azterketa egin dugu. Baina, errealitatea oso desberdina izaten da. Gehienetan uhinak foku desberdinetatik sortu eta hedatzen dira eta ondorioz, espazioko puntuetan foku desberdinetatik datozen uhin hauen arteko interferentziak ematen dira. Hauexek dira aztertuko ditugunak. Eta horretarako ezinbestekoa izango da Uhinen Gainezarmen Printzipioa ondo ulertzea.
- Uhin-iturriaren eta hartzailearen higiduraren ondoriozko fenomenoak: Hauen artean nagusiena Doppler efektua da. Halere, atal hau gure programatik kanpo geratuko da zoritzarrez.
Aurreko eskema hau buruan garbi edukiz has gaitezen banaka-banaka fenomeno horien deskribapen fisikoa egitea, hauen atzean dauden printzipio fisikoen azterketa sakona eginez.