Uhin koherenteen interferentzien kasu orokorra aztertu ondoren, jarraian interferentzi mota bereziak ikasiko ditugu, eguneroko hainbat fenomenoetan agertzen baitira. Hau gertatzen da adibidez pultsazioen kasuan. Nahiz eta gaur egun metodo elektronikoak erabili nagusiki, oraindik ere pultsazioen propietateetan oinarrituta doitzen dira musikako instrumentu asko. Azter dezagun, bada, propietate hau.
Puntu batean interferitzen duten bi uhinen maiztasuna zertxobait ezberdinak direnean fenomeno berezi hau gertatzen da. Ondoko irudian anplitude bereko eta maiztasun ezberdineko bi uhin ikus daitezke eta hauen baturaren ondorioz sortutako uhin ordezkaria puntu konkretu batean.
Kontsideratutako puntua t0 eta t2 unetan bi uhinek interferentzia konstruktiboa ematen dute, anplitudea maximoa izanik. t1 eta t3 uneetan, berriz, uhinak anulatu egiten dira. Ondorioz, puntu konkretu batean anplitudea ez da konstantea, baizik eta denborarekiko era periodiko batean aldatzean, balio maximoetatik minimoetara pasatuz.
Pultsazioak maiztasun ia berdineko bi uhinen interferentziaren ondorioz sortzen den uhinaren anplitudean ematen den aldaketa periodikoari deritzo.
Fenomeno hau gertatzen da, adibidez, bi gitarrekin nota berdina entzuten dugunean. Nahiz eta teorikoki bi nota horiek maiztasun berbera izan praktikan zertxobait ezberdinak izaten dira. Ondorioz, guk nabarituko dugun notaren anplitudea periodikoki aldatzen joango da. Aurreko gaian ikusi genuen bezala, uhinaren intentsitatea anplitudearekiko proportzionala denez, gure belarriak jasoko duen soinu sentsazioak gora beherak izango ditu. Fenomeno hau, ere, soinu instrumentuak afinatzeko erabiltzen da, adibidez.