Grabitazioari buruzko lehenengo ideiak

HISTORIAURREKO LEHEN URRATSAK

Zerua bera eta zeruko gorputzen higidurak (batez ere, Ilargiarenak, Eguzkiarenak eta planetenak) historiaurreko garaietatik liluratu ditu gizakiak.

Zer dago zeruertzetik harantz?. Ziur asko, hau gizaki primitiboek beren buruei egindako lehen galderetariko bat izan zen. Galdera hauei erantzutera “jainkoen errebelazioak jaso zituzten eta berauekin harremanetan zeuden ustezko hautatuak” ausartu ziren bakarrik. Beraz, hasierako kosmologia hau “Jainkotasunak ezarritako naturaren gaineko ordenan” oinarritu behar da.

Dena dela, Ingalaterrako hegoaldean dagoen Stonehenge-ko gune astronomikoa, duela milaka urte gure arbasoek Eguzkiaren edota Ilargiaren higidura aztertzeko lehenengo saiakuntzetako bat bezala kontsidera dezakegu. Stonehenge-ko gunea urtaroak zehatz-mehatz aurreikusteko egutegi erraldoia da. Hala ere, behatoki erraldoi honetan harridura gehien eragiten duena da historiaurreko gure arbasoak, duela milaka urte, behatoki horren bidez, eklipseak aurreikusteko gai zirela, bai Eguzki eklipseak baita Ilargiarenak ere.

BABILONIAKO KOSMOLOGIA

Unibertsoaren eredu baten lehen hipotesiak sumertarrek, Mesopotamiako hegoaldeko biztanleak, azaldu zituztela uste bada ere, babiloniarrek (Mesopotamiako erdialdeko populatzaileek) berritu eta berriro formulatu zituzten teoria horiek, onespen eta zabaltze handiagoa izan zutelarik ekialde hurbil eta ertaineko pentsamendu zientifikoan. Hau guztia K.a. 3000. urtean gertatu zen.

Laburpen gisa, hauek dira eredu babilonikoak onartzen zituen printzipioak:

  • Lurra, disko zirkular itxurakoa, ur-itsaso baten gainean zegoen eta izarren euskarri zen brontzezko sabai edo zeru estalkia zuen.
  • Hasiera batean, Ura, Lurra eta Zerua, kanpotiko ur-itsaso amaigabe baten aparteko eraginez bananduak izan ziren.
  • Unibertsoa zeharkatzen duten gorputz zerutarrek, egitura finkoetan (konstelazioak) egiten dute, bere posizioa etengabe aldatzen duten zazpik ezik: Eguzkia, Ilargia, Merkurio, Artizarra, Martitz, Jupiter eta Saturno.

GREKOEN KOSMOLOGIA

Antzinako Grezian izarrak esfera baten gainazalean finko zeudela uste zen eta horren barruan gainerako unibertso guztia (Eguzkia, Ilargia, Lurra eta ezagutzen ziren planeta guztiak) zegoela. Astroen esfera barruko higidura zen eztabaida nagusiena garai hartan.

Pitagorikoen iritziz, Unibertsoaren egitura matematikaren ikuspuntutik azal zitekeen. Hauen iritziz, Eguzkia, Ilargia, Lurra eta planeta guztiak “Su Zentrala”-ren inguruan biratzen zuten. Su hau 1-arekin erlazionatzen zuten eta horregatik erdian aurkitzen da. Lurrak su horren inguruan 24 orduko periodoarekin biratzen du eta beti edukiko du aurpegi berdina su horrekiko oposaturik eta horregatik ez da ikusten. Eguzkia eta Ilargia ere honen inguruan biratzen dute baina orbita geldoagoetan; Ilargiaren periodoa hilabete bat eta Eguzkiarena urte bat izanik.

Platonen ustez, izarrek Lurraren inguruan higitzen ziren ibilbide zirkularretan eta planetak noraezean zebiltzan zeruan. Platonen eredua, Lurra gizona bezalaxe, Unibertsoaren zentrotzat kontsideratzean oinarritzen zen. Bere problema nagusia planetei higidura mota bat egokitzea zen.

Aristotelek, Platonen ikasleak, honen teoria defendatzen zuen eta zeruko gorputzek Lurraren inguruan biratzen zutela uste zuen, esfera zentrokide birakorretan, hauen artean Ilargia, planetak (Merkurio, Artizarra, Martitz, Jupiter eta Saturno), Eguzkia eta izarrak aurkitzen zirelarik.

EREDU GEOZENTRIKOA

Pentsamendu grekoan zabalduriko eta Greziako filosofoek egindako ekarpenekin osatutako Babiloniako ideiak KOSMOLOGIA TEORIA GEOZENTRIKOAREN jatorria izan ziren.

Miletoko Tales-en ikaslea izan zen Anaximandrok eman zion hasiera teoria honi K.a. V.mendean. Eredu honen oinarria ondorengoa zen: “Lurra geldirik dago Unibertsoaren erdian eta beste gorputz zerutar guztiek bere inguruan biratzen dute”.

Teoria hau, aldaketa batzuekin, Claudio Ptolomeok 150. urtean, “Megale Syntaxis ton Astronomias” lanean garatu zuen (mendebaldera heldu zen bertsioa “Almagesto” interpretazio arabiarra izan zen).

Oinarrizko printzipioak honela labur daitezke:

  • Lurra Unibertsoaren erdian geldirik dago; Eguzkiak eta Ilargiak bere inguruan biratzen dute.
  • Planetek, zirkulu txikiak (EPIZIKLOAK) deskribatzen dituzte higidura uniformez. Epiziklo hauen zentroek, Lurra inguratzen duen beste zirkulu edo orbita handiago bat egiten dute (DEFERENTEA). Horrela, planeta baten higidura EPIZIKLOIDE bat da.

EREDU HELIOZENTRIKOA

Astroak Lurraren inguruan higitzen direlako azalpenak, teoria geozentrikoaren araberako ideia honek, onarpen osoa izan zuen XVI. menderarte. Garai honetan, Nicolas Copernicok, planeten higidura, Lurra barne, beste eredu baten bidez adieraztea proposatu zuen, zeruko gorputz guztien higidura zentrotzat Eguzkia hartzen duena. Ideia hau Samosko Aristarko greziarrak proposatu zuen K.a. II. mendean.

Copernicoren eredu heliozentrikoak Unibertsoa esfera handi bat bezala deskribatzen zuen, izarrak beronen gainazalean finko leudekeelarik; planetak, elkarren segidako barne-esferatan; eta Eguzkia, zentroan. Teoria honek aurkari asko izan zituen, batez ere eskolastikoak. hauen ustez, Eguzkiak ezin zuen bete Unibertsoaren zentroa, gorputz arina izanik: “aitzitik, Lurra bezalako gorputz solido batek bete behar zuen Unibertsoaren zentroa”.

XVI. mendearen erdialdean, zenbait matematikari eta astronomok Copernicok proposatutako eredua bultzatu zuten, Galileo Galilei eta Johannes Keplerrek, besteak beste. Lehenengoak behaketa ugari burutu zituen berak asmatutako teleskopioaren laguntzaz eta bigarrenak, Tycho Brahe astronomoak egindako behaketetan oinarriturik, planeten higiduraren legeak ezarri zituen Eguzkia zentrotzat hartuta.


 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org