Energiaren kontzeptua. Energia motak

Energia hitza oso erabilia da eguneroko hizkuntza arruntean."Elikagai energetikoak", "energiaren krisia", "energia alternatiboak"…aipatzen ditugu sarri. Guztiok dugu hitz honen esangurari buruzko nolabaiteko ideia, eta badakigu energia behar dugula edozein lan edo betebehar burutzeko. Baina, zer da benetan energia?

Egia esan, definizio bat ematea eskatzen zaigunean, segituan ohartzen gara ez dela erraza izaten. Izan ere, energia sortu, transformatu eta erabiltzeko moduak oso desberdinak izan daitezke, honek definizio zehatza ematea zaila egiten duelarik. Gure egunerokotasunari begiratzea besterik ez dugu behar. Elikatzen garenean, elikagaien energia kimikoa energia zinetikoan bihur daiteke gure gorputzeko giharrak mugitzearen ondorioz; edota energia elektrikoan bilakatu daiteke, kanpoko eraginen ondorioz gure garunera estimulatzen dugunean; edota zuzenean energia termikoan bihur daiteke, hau da, gure gorputzaren tenperatura mantentzeko erabil daiteke. Horrela bada, ohar gaitezke energia kontzeptua oso zabala dela eta, ondorioz, bere definizioak ere honi erantzun beharko dio.

Energia magnitude fisiko bat da, zeinari esker gorputzek beren gainean edo beste gorputzetan transformazioa burutzeko gaitasuna duten

Aipatu ditugun transformazio hauen ondorioz, energia agertzeko modu desberdinak daude, alegia energia mota desberdinak daudela pentsa dezakegu. Hona hemen nagusienak:

  • Energia Mekanikoa: hiru energia mota desberdinetan banatu daiteke.
  • Energia Zinetikoa: gorputzek higitzen ari direlako dutena da. Higitzen den kotxe batek bere masa eta daraman abiadurarekin zerikusia duen energia zinetikoa du. Energia hau garbi agertzen da, adibidez, kotxe batek istripua pairatzen duen denbora tartean.

    Energia Potentzial Grabitatorioa: Lurraren gainazaletik altuera batera egoteagatik gorputzek dutena da. Hor ditugu, adibidez, zentral hidroelektrikoak. Hauetan ura pilatzen da ahalik eta altuera gehien lortu arte. Horrela, bertan metatzen den energia potentziala ahalik eta handiena izatea lortzen da, ondoren sistema desberdinetatik energia hau beste energia mota desberdinetan transformatzen delarik.

    Energia Potentzial Elastikoa: gorputz elastikoek dute, aldez aurretik jasan duten deformazioaren kausaz. Arkulariek soka geroz eta gehiago teinkatu, geziak orduan eta abiadura handiagoa lortuko du.

  • Energia Elektrikoa: korronte elektrikoak duena. zentral elektrikoak deritzen eraikin handietan sortzen da, sorgailu elektrikoen bidez. Pila lehorretan edo metagailu elektrikoetan ere sortzen da.
  • Energia Nuklearra: Fusio eta fisio-erreakzio nuklearretatik datorrena da. Horrelakoetan, nukleoen masaren parte bat energia bihurtzen da.
  • Energia Termikoa: bi gorputzen artean tenperatura desberdintasuna dagoenean batetik bestera doan energia mota da. Sortzen diren efektuak honako hauek dira: tenperaturaren aldakuntzak, egoera-aldaketak eta dilatazioak.
  • Energia Kimikoa: naturako konposatu guztiek dutena, barneko loturen energiaren kausaz. Bai materia bizigabean eta bai materia bizidunean gertatzen diren erreakzio kimikoetan agertzen da.
  • Erradiazio energia: erradiazio elektromagnetikoak duena da. Eguzki-energia da garrantzitsuena, Lurrean dugun energia gehiena Eguzkitik baitator.

Energiaren ezaugarririk funtsezkoenetakoa, mota batetik besteetara pasatzeko edo beste mota batekoa bihurtzeko duen gaitasuna da.

energia

Transformazio hauetan guztietan energiaren mota aldatu egiten da, baina energia kantitate osoak konstante irauten du, energiaren kontserbazioaren printzipioak dioenaren arabera. Hala ere, transformazio bakoitzean energia degradatuz doa, alegia, gaitasuna galduz doa; energia probetxugarrietatik erabilgarritasun gutxiagoko energietarako transformazioko joera dauka.


 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org