Sistema optikoen aberrazioak

Lenteentzako ondorioztatu diren ekuazioak aplikagarriak dira izpi paraxial, lente mehe eta argi monokromatikoarentzat. Errealitatean baldintza hauek betetzen ez direnez, irudiek aberrazioak bezala ezagutzen diren akatsak agertzen dituzte beti.

Aberrazioak, irudi errealaren eta teoriak aurresan duenaren artean ageri diren desberdintasunak dira.

Aberrazioak honelakoak izan daitezke:

  • GEOMETRIKOAK: puntu batetik datozen argi izpiak lentea zeharkatu ondoren, irudia eratzeko beste puntu batean ez elkartzearen ondorioz sortzen dira.
  • KROMATIKOAK: argiaren uhin-luzeraren eraginez lentearen errefrakzio indizearen aldaketaren eraginez sortutakoak dira.

ABERRAZIO GEOMETRIKOAK:

  • ABERRAZIO ESFERIKOA:

Aberrazio mota hau ispilu esferikoetan nahiz lenteetan azaltzen da. Hauetara izpi paralelo sorta bat heltzen denean, islatu edo errefraktatutako izpiek ez dute puntu bakar batean elkar ebakitzen; zonalde paraxialetik kanpo dauden izpiek, hau da, lentearen hegaletara heltzen diren izpiek, lentetik hurbilago dagoen ardatz optikoaren gaineko puntu batean ebakiko dute elkar.

Beraz, izpi hauei dagozkien distantzia fokalak txikiagoak izango dira izpi paraxialei dagozkienak baino. Ondorioz, izpi paraxialei foku bat dagozkie (irudi foku paraxial edo ohikoa) eta kanpoko izpi edo izpi marjinalei beste irudi foku ezberdin bat (foku marjinalak)

Aberrazio mota hau dela eta, irudiak garbitasuna galtzen du: lentean zehar edozein punturentzat ikusten dugun irudia argi zirkulu txiki bat da.

Aberrazio hau, zati batean behintzat, zuzendu daiteke:

  • argi izpi erasotzailearen irekidura mugatuko duten diafragmak erabiliz, nahiz eta honek argitasunaren gutxitze bat eragiten duen
  • esferikoak ez diren lenteak erabiliz, zentroan muturretan baino kurbadura handiagoa dutena; lente parabolikoak adibidez.
  • zenbait lenteen konbinaketa egokia erabiliz.
  • KOMA:

Ardatz optikotik urrun dauden puntuetatik datozen izpiek eratzen dute. Aberrazio esferikoaren antzerako aberrazioa da baina irudiak zirkulu itxura baino gehiago kometa itxura du.

Koma hau, izpi ez paraxialak desegingo dituen diafragma tartean jarriz saihets daiteke.

  • ASTIGMATISMOA:

Ardatzetik kanpo dagoen objektu puntuak bi irudi lerro perpendikular sortzen ditu baina leku ezberdinetan. Bi lerroen zentroen arteko distantzia hau handitzen doa eraso izpien inklinazioa geroz eta handiagoa egiten den heinean. Distantzia honen balioak sistema optikoaren astigmatismo maila adierazten du.

Fenomeno hau lentearen dioptrioek beraien esferikotasuna galtzen dutelako edota lentearen ingurunea homogeneoa ez delako.

Beronen zuzenketa lente esferiko eta zilindrikoak konbinatuz burutzen da. Baina lenteen gainazalak esfera perfektuak izanda ere, astigmatismoa agertzen da objektu puntua lentearen ardatza optikotik urrun badago. Kasu honetan beira mota ezberdinak konbinatuz zuzentzen da aberrazioa.

  • DISTORTSIOA

Deformazio hau objektu puntua lentearen ardatzetik distantzia desberdinetara jartzean sistema optikoaren alboko handitzeak izaten dituen balioen aldakuntzaren ondorioz sortzen da.

Hau dela eta, ardatzarekiko objektu puntuaren (a) distantzia handitzean, alboko handitze areagotu edo txikiagotzen den arabera irudiak kortse (b) edo upel (c) itxurakoa izango da.

ABERRAZIO KROMATIKOA:

Argi zuria uhin-luzera desberdineko uhinen gainezarmena da. Errefrakzio indizea desberdina denez uhin-luzera bakoitzarentzat, izpi monokromatiko ezberdinek irudi foku ezberdinak izango dituzte. Hau da, lenteari argi zuriak eraso egiten dionean kolore bakoitza puntu desberdin batean enfokatuko da.

Fenomeno honen ondorioz, posizio eta neurri ezberdineko irudien gainezarmena ematen da, irudien ertzak koloreztaturik eta gaizki definituak agertzen direlarik.

Akats hau zuzentzeko bi lentez osatutako sistema erabiltzen da, bikote akromatikoa izenez ezagutzen dena. Bata konbergentea da eta bestea dibergentea, euren errefrakzio indizeak desberdinak izanik. Lente bakoitzarentzat erabiltzen diren beirak “crown”-a eta “flint”-a dira.


 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org