Eduki hauek prestatzerakoan, zientzia eta teknologiaren historian hain garrantzitsuak izan diren ekarpen eta aurkikuntzen protagonistak izan zirenei euren jabetza aitortzea erabaki nuen. Gauza benetan konplikatua, batez ere bi arrazoiengatik:
- Alde batetik, asko direlako edukietan zehar aurkituko dituzuen lege eta printzipioen atzean dauden zientzialari ospetsuak, baita zuzenean aipatzen ez diren beste horrenbeste ikerlari edp fisikari garrantzitsu ere. Ezinezkoa litzateke horien guztien aitortza hemen egitea.
- Bestetik, nire burua aitortza hori egitea behartuko banu, ez nuke oso garbi edukiko nori egin. Izan ere, ziurta al dezakegu Grabitazio Unibertsalaren Legea oso-osorik dela Isaac Newton-en aurkikuntza? Ez al zituen honek Johannes Kepler-en ekarpenak erabili bere aurkikuntzaren oinarri bezala? Eta hau, zenbateraino da bere izena daramaten legeen aita? Ez al honek ere zituen Tycho Braheren aurkikuntzak erabili bere lanaren oinarri bezala? Nori zor zaio orduan Newton-en legearen aitortza, honi bakarrik ala aurretik euren ekarpenak modu librean zabaldu zituzten guztiei? Noraino da pertsona bat zientzia, kultura edo artearekin lotutako sorkuntzen jabea? Noraino izan dute eragina aurretik izandako ekarpenek?
Egia esan, aitortu, aitortu… gauza bakarra daukat aitortzeko: azpian dituzuen edukiak azken urteotan nire eskuetatik pasa diren argitaletxe desberdinetako testu-liburuetan aurkitutako hainbat pasarteetan dutela oinarria. Bai, hala da. Hainbat zati, Copyrighta duten, alegia, egile eskubideak dituzten testu-liburuetatik jasota daude, beste batzuei nire toke pertsonala eman diet.
Willebrord Snel edo Keplerrek berak, euren lanak orduko gizartean zabaltzera eman zituztenean, Copyrightaren legea oraindik asmatu gabe zegoen. Batzuek kontrakoa uste badute ere, Copyrighta ez da betidanik existitu, duela 300 urte, gutxi gorabehera, asmatu zen Erresuma Batuan. Ezagutza, kultura eta artea, euskarri fisikoan jaso (liburuetan) eta modu errazean banatzeko aukera izan zenean, elizak eta gobernuak ekoizpen eta banaketa honen gaineko kontrola, eta bide batez, etekin ekonomikoa bermatzeko bide bat izan zen Copyright-aren ezarpena. Topatuko dituzuen beste hainbat ekarpen eta aurkikuntza, ziurrenik egile eskubideetan zehaztutako murriztapenekin kaleratuko ziren jatorrian, izan ere, ikerkuntza askoren inguruko lehen aipamenak egunkari zientifikoetan eman ziren. Baina eskubide horiek daudela onartuta ere, denbora epe jakin baten ondoren, galdu egiten dira eta ekarpen horien gaineko jabetza gizarte osora pasatzen da. Alegia, guztiok gara ondare horren jabeak. Hori dela eta, ez dut ulertzen eta ez dut bat egiten argitaletxeen (gehienak lobby mediatiko indartsuen esku daudenak) filosofiarekin. Jabetza publikoa duten
Batxilergoko ikaslea baldin bazara, fisika ikasteko eduki hauek baliagarriak izan daitezkeela uste baduzu, erabil itzazu lasai asko. Aitortza egitea edo ez, zure esku geratzen geratzen da. Hori bai, inoiz lege edo printzipio fisiko baten aipamena egin behar baldin baduzu lanen batean, ez ahaztu sekula atzean egon zen/ziren zientzilari/en aipamena egiteaz. Eurak dira bizitzea tokatu zaizun gizartea, ezagutzen duzun modukoa izateko benetan lana egin dutenak.