Magnetismoa

Magnetismoaren jatorria antzinakoa da, baita bere aplikazioetariko batzuk ere. Grezia klasikoan jadanik magnetita bezalako zenbait substantzia ezagunak ziren. Magnetita lehen aldiz Magnesia herrian aurkitutako minerala da eta oinarrian burdin oxido bat da (Fe3O4). Substantzia honek burdina erakartzeko ahalmena dute. Hau dela eta, IMAN NATURALAK bezala ezagutzen dira. Geroago, beste substantzia batzuek, altzairuaren kasua, iman naturalaz igurtziz propietate magnetikoak lortzen zituztela ikusi zen; hauei IMAN ARTIFIZIALAK deitzen zaie.

Imanek azaltzen duten propietate interesgarriena bi iman bata bestearen parean ipintzean agertzen da. Jakina den bezala, bien artean erakarpen edo alderapen indar bat agertzen da, beraien posizio erlatiboen arabera. Gainera, posizio ezberdinak probatuz erraz heldu gaitezke hurrengo ondoriora: iman batek erabat ezberdindurik dauden aurkako bi zonalde azaltzen ditu, IPAR eta HEGO POLOAK deitutakoak, imana libreki zintzilikatzerakoan zona bat Lurreko ipar polora eta bestea hego polora zuzentzen direlako.

Inguratzen direnean bi imanen polo berdinak, bi imanak alderatu egiten dira, aurkako poloak inguratzerakoan erakarpen indarra azaltzen den bezala. Beraz, ikusten den bezala indar hau karga elektrikoetan agertzen denaren antzekoa dela kontsidera dezakegu.

Karga elektriko eta imanen artean agertzen den parekotasun honezaz gain, badago, hala ere, beraien arteko desberdintasun handi bat. Desberdintasuna honetan datza: ez da posiblea iman baten bi poloak banantzea, karga elektriko positibo eta negatiboekin gertatzen den bezala, erraz banandu daitezkeela. Beste hitzetan esanda: iman bat bi zatitan banatzen badugu ikusten da zati guztiak iman berrietan bihurtzen direla, hau da, bakoitzak berriro azaltzen ditu bi poloak.


 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org