1819an Hans Oersted fisikari daniarrak korronte elektrikoak imanak dituen propietateen antzekoak dauzkala erakutsi zuen eta propietate horiek dira, hain zuzen ere, hainbat aplikazio elektrikotan erabiltzen direnak.
Voltak aurkitutako korronte elektrikoa zer zen azaltzen zegoela klasean, Oerstedek, konturatu gabe, korrontea zirkulatzen zeukan eroale batera hurbildu zuen iparrorratza eta orratz imanduaren norabidea aldatu egin zela ikusi zuen.
Gertakizun honen ondoren, itxuraz gutxiesgarria, Oerstedek ikertzen jarraitu eta magnetismoaren ikerketari bultzada izugarria eman zioten emaitzak lortu zituen:
- Zirkuitutik korronterik pasatzen ez bada, iparrorratzak I-H norantza adierazteko eran jartzen da.
- Iparrorratza korrontea pasatzen den eroale baten ondoan jartzen badugu, iparrorratza eroalearekiko perpendikular jarriko da eta ez du iparrerantz markatuko.
- Eroalearen muturren artean ezarritako potentzial diferentzia handitzen badugu, iparrorratzak azkarrago biratuko du eroalearekiko perpendikular jarri arte.
- Korrontearen norantza aldatzen badugu, iparrorratza eroalearekiko perpendikular jarriko da, baina norantza aurreko kasuaren alderantzizkoa izango da.
Oersteden saiakuntzak erakusten digu magnetismoak sortzen dutenak ez direla karga elektrikoak, korronte elektrikoak baizik; hau da, KARGA ELEKTRIKO HIGIKORRAK.
Gauzak horrela, korronte elektrikoa iparrorratza desbideratzeko gai bada (imanaren antzeko jokabidea daukala eta) ondorioz, eremu magnetikoa sortzen duela pentsa dezakegu. Gai honetan jorratuko dugun ideia hori oso baliagarria izango zaigu.