Uhin higidura

Bidalketa honekin hasten dugun gai berri honetan uhin azterketari ekingo diogu. Nahiz eta naturan topa ditzakegun uhinak mota desberdin askotakoak izan aurten aztertuko ditugunak UHIN HARMONIKOAK izango dira, alegia, higidura harmoniko sinplean oinarritutakoak.

Gaiarekin sakon hasi baino lehen azter dezagun lehenik zer ulertzen dugun uhin bezala. Eguneroko bizitzan hainbesteetan entzuten dugun hitz honek (irrati uhinak, uhin sismikoak, soinu uhinak, argi uhinak…) duen esanahia fisikoa azaltzen ahaleginduko gara. Definizio fisikora heldu aurretik adibide pare bat aztertuko ditugu:

1. ADIBIDEA: Urmael batean sortutako uhina

Uhinak01 Urmael batera harri bat jaurtitzen dugunean urmaelaren gainazaleko likido apur bat beherantz higitzen da. Sortutako perturbazioa gainazaletik hedatzen da uhinak eraginez. Horregatik, talkaren ostean, abiadura jakin batekin higitzen diren uhinak ikusiko ditugu uraren gainean. Hala ere, ura ez da uhinarekin batera higitzen; oreka puntuaren inguruan oszilatzen du. Hori argi eta garbi antzeman daiteke kortxo zatitxo batzuk ur gainean distantzia batera jarriz. Perturbazioa igarotzean igo eta jaitsi egiten dira baina ez dira uhinarekin desplazatzen. Urari emandako energia hedatu egiten da uretan zehar, perturbazioarekin batera materia lekualdatu gabe, ur molekulak leku berean mantentzen baitira, zeharka bibratuz beren oreka edo pausagune posizioaren inguruan.

2. ADIBIDEA: Beirazko edalontzi batek sortutako soinua

Uhinak02 Beirazko edalontzi bati kolpetxo bat ematen diogunean beiraren molekulak oszilatzen hasten dira, bibrazio hauek inguruan dauden aire molekulei transmititzen direlarik. Hauek, era berean, perturbazioa ondokoei komunikatzen die eta horrela uhina abiadura jakin batekin higitzen da. Bibrazio hori gure belarriko tinpanora heltzen denean kolpeak sortu duen soinua nabarituko dugu. Nahiz eta adibide honetan partikulen bibrazioa uhinaren hedapen norabidean izan, hauek ez dira beren posiziotik desplazatzen: bibratzen bukatzen dutenean beira molekulek bere lekuan jarraitzen dute, aire molekulak ere eta gure tinpanoa ere, noski. Bi adibide hauen bitartez zera ondoriozta dezakegu: uhin bat hedatzen denean ez da materia garraiorik ematen. Hala ere, kor txoari gora eta behera mugitzeko edota aire partikulei aurrera eta atzera mugitzeko, energia bat transferitu behar zaie. Beraz, perturbazioaren hedapenean energia garraio bat eman behar da. Uhin bat espazioan zehar hedatzen den perturbazio bat da; bertan ez dago materia garraiorik baina bai energia garraioa.

Bi adibide hauen bitartez zera ondoriozta dezakegu: uhin bat hedatzen denean ez da materia garraiorik ematen. Hala ere, kor txoari gora eta behera mugitzeko edota aire partikulei aurrera eta atzera mugitzeko, energia bat transferitu behar zaie. Beraz, perturbazioaren hedapenean energia garraio bat eman behar da.

Uhin bat espazioan zehar hedatzen den perturbazio bat da; bertan ez dago materia garraiorik baina bai energia garraioa.

 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org