Egin dezagun ondoren aipatzen diren esperientzien inguruan hausnarketa txiki bat:
- Kanpaia bat kolpatzen baduzu soinua sortzen da. Kanpaia hori atzamarraz ukitzen baduzu bibratzen duela konturatzen zara. Ondoren, eskuarekin estutzen baduzu kanpaiak bibratzeari utzi eta soinua desagertzen da.
- Diapasoi bat pendulu arin baten aurrean bibrarazten baduzu, soinua egiten duen bitartean penduluaren bolatxoa baztertzen duela konturatuko zara.
- Altzairuzko haga elastiko bati mutur batetik heltzen badiozu eta bestetik oreka posiziotik aldentzen baduzu, aske uztean bibratzen duela ikusiko duzu eta soinua igorriko du.
Esperientzi hauen bitartez, garbi geratzen da soinuaren jatorria BIBRAZIO bat dela. Hau da, igorleak (kanpaia, diapasoia, hagatxoa,…) airean bibratzen badu, airea osatzen duten gas desberdinen molekulek KONPRESIO (presioaren handitzea) eta ARRARIFIKAZIO (presioaren txikitzea) fenomenoak jasango dituzte. Konpresio eta arrarifikazio hauek molekula batetik bestera transmititzen dira, era honetan luzerako uhin-higidura bat sortzen delarik.
Bibrazio hauek gure belarrira heltzen badira, tinpanoaren bibrazioa eragiten dute eta honela gure garunean soinuaren sentsazioa nabaritzen dugu.
Orain arte ikusitakoaren arabera soinuak bi ikuspegi ezberdin ditu: alde batetik ikuspegi subjektibo bat du, hau da, soinua gorputz baten bibrazioaren ondorioz gure belarriak nabaritzen duen sentsazioa da. Bestetik, ikuspegi objektibo batetik, soinua ingurune material batean zehar gorputz elastiko baten bibrazioaren hedapena da,hain zuzen ere.
Soinu motak
Aurrekoaren arabera garbi dago soinu uhina sor ditzaketen fokuek ez dutela beti soinua sortzen gure belarrietan. Hori kontutan hartuta, soinu uhinak honela sailka ditzakegu:
- UHIN ENTZUNGARRIAK: soinuak eurak dira. Uhin horien maiztasunak entzumena suspertzen du; aipatutako suspertzea 20 Hz-20000 Hz frekuentzi tartean gertatzen da gizakiongan, nahiz eta azkeneko muga honek behera egin urteak aurrera joan ahala.
- UHIN ENTZUNEZINAK: gizakiok daukagun entzumenarekin ez ditugulako entzuten esaten zaie horrela; beste animali batzuek, ostera, entzun egiten dituzte, txakurrek edota saguzaharrek, besteak beste. Bitan bereizten dira:
- Infrasoinuak: 20 Hz baino gutxiagoko maiztasuna dute.
- Ultrasoinuak: 20000 Hz baino gehiagoko maiztasuna dute.
Soinuaren abiadura
Soinuaren hedapen abiadura ez dago bere intentsitatearen, bere maiztasunaren edota soinua igortzen duen fokuaren menpe, baizik eta HEDATZEN DEN INGURUNEAREN EZAUGARRIEN menpe dago soilik. Adibidez, kontzertu bat entzutean orkestraren aldi bereko soinu desberdinak batera heltzen direnez gure belarrietara, soinuaren abiadura soinu iturriarekiko independentea, eta beraz, soinu desberdinekiko independentea dela frogatzen da. Ondorioz, edozein soinu desberdinek hedapen abiadura berdina du ingurune material berean hedatzen bada.
Sarreran ikusi ditugun adibideetan, soinuaren hedapena airean zehar nola ematen den azaldu da. Orokorrean, fenomeno hori edozein ingurune material elastikotan ere gertatzen da, bai solidoa, likidoa edo gasa izanik ere. Hurrengo taulan, zenbait ingurune materialetan soinua zein abiadurarekin hedatzen den ikus dezakezu:
Taularen arabera garbi dago soinu uhinak hobe hedatzen direla solidoetan gainerako sustantzietan baino. Hala ere, solido batzuek ez daukate behar adinako bolumen elastikotasunik soinua igortzeko, hau da, solidoaren partikulek ez dute behar bezalako energiaz oszilatzen bibrazioak igorri ahal izateko. Kortxo, beira-zuntz, plastiko eta beste hainbat materialen kasua da. Etxebizitzak, entzutegiak, gelak, ospitaleak, irrati emisoreak eta abar soinutik isolatzeko erabili ohi dira material hauek.
Bestalde, likidoetan azkarrago hedatzen da soinua gasetan baino, adibidez, uretan bost bat bider azkarrago hedatzen da airean baino. Soinuak airean duen abiadura 340 m/s ingurukoa da 20ºC-tara eta aeronautikan balio honi “mach” deitzen zaio.