Eremu gehienak tridimentsionalak izaten dira (hemendik aurrera aztertuko ditugun guztiak). Eremuaren deskribapena egiteko orduan, interesgarria izango litzateke adierazpen lauak erabiltzea, eremuaren propietateen azterketa planoan adieraztea oso erabilgarria izan bait daiteke. Eremua eskalarra edo bektoriala izanda adierazpen ezberdinak erabiliko ditugu:
EREMU ESKALARRAK
Eremu hauek deskribatzeko LERRO edo GAINAZAL EKIPOTENTZIALAK erabiltzen dira. Lerro edo gainazal hauek aztertutako magnitudeak balio berdina hartzen duten eremuko puntu guztiak lotzen dituzte. Ulertzen den bezala, lerro kopuru konkretu bat besterik ez da adierazten, noski, iritzi konkretu baten arabera.
Adibidez: erliebe mapak (gainazal batetik hurrengora, adibidez, 100 m-ko altuera diferentzia egon daiteke); eguraldiko mapak (isobara batetik hurrengora 4 mbar-eko presio diferentzia dago);…
Lerro ekipotentzialak ez dira behin ere ebakitzen, bestela puntu berean eremuak magnitudearen bi balio ezberdin hartuko lituzke.
EREMU BEKTORIALAK
Eremu hauek deskribatzeko EREMU LERROAK (gezi itxura duten lerroak) erabiltzen dira. Eremuko puntu bakoitzean magnitudea adierazten duen bektorearen norabidearekiko ukitzaileak dira.
Puntu bakoitzean eremuak duen intentsitatea (hau da, zenbakizko balioa) adierazteko marraztutako lerro kopuruan oinarrituko gara: geroz eta lerro kopuru handiagoa azalera unitate bakoitzeko eremuaren intentsitatea handiagoa izango da.
Adibidez: Lurrak sortzen duen eremua edota bi karga elektrikoen artekoa.
Eremu lerroak ere ezin dira elkarren artean ebaki magnitudeak bi balio ezberdin hartuko lituzkeelako puntu berean.
Zenbait eremu bektorial (kontserbakorrak) ere adierazi daitezke gainazal ekipotentzialen bitartez, gero ikusiko dugun bezala, posiblea bait da puntu bakoitzean magnitude eskalare bat definitzea. Kasu hauetan, gainazal ekipotentzialak puntu bakoitzean eremu lerroekiko elkarzutak dira.