Indarren izaera

HIGIDURAREN IKUSPEGITIK

Orain arteko gorputzen higiduraren azterketak ahalbidetu egin digu higidura-mota desberdinak arautzen dituzten legeak formulatzea. Hala ere, mota honetako galderak erantzunik gabe geratu dira oraindik: zergatik higitzen dira gorputzak?, zergatik gelditzen dira?, zergatik aritzen dira biraka? Etab.

Altzari bat bultzaka higiarazten, baloi bat gelditzen, malguki bat luzarazten edo buztin zatia moldeatzen dugunean, indar bat egiten ari gara. (A)

Indarra gorputzen pausagune edo higidura-egoera aldarazteko edo gorputzean deformazioren bat sortarazteko gai den edozein ekintza da.

ELKARREKINTZAREN IKUSPEGITIK

Apunteak hartzen ari zaren orrialdearen gainean boligrafoarekin idazten duzunean, boligrafoaren eta orrialdearen artean elkarrekintza edo elkarreragin esango diogun erlazio bat sortzen duzu.

Elkarrekintza horiek sendoagoak edo ahulagoak izan daitezke. Aurreko adibidean, orriaren gainean mantso-mantso eta astiro-astiro idatzi dezakezu edota “sendo eta indarrez” pasa dezakezu boligrafoa paperaren gainetik, hau da, intentsitate handiz. (B)

Indarrak bi gorputzen edo gorputz horiek osatzen dituzten bi partikularen arteko elkarrekintzaren intentsitatea neurtzen du.

Kontutan Hartzekoak

) Gorputzen gaineko indarren efektuak kontsideratzerakoan, kontutan hartu beharko dugu hauek deformagarriak ala zurrunak diren. Solido deformagarrien forma erraz aldarazten da indar bat aplikatzean bere gainean. Solido zurrunek, berriz, ez dute praktikoki aldatzen beren forma indarren eraginpean. Hauen gainean aplikaturiko indarren efektua, pausagune edo higidura-egoera aldatzean datza. Datozen egunetan aztertuko ditugun egoeretan mota hauetako solidoekin arituko gara; deformaezinak izango direla kontsideratuko dugu, alegia.

) Unitate honetan gorputzen artean ukipena zuzena denean agertzen diren indarrak aztertuko ditugu, hau da, elkarrekintza ukipen bidezkoa dela esango dugu. Hala ere, beste elkarrekintza batzuetan, elkarri eragiten dioten gorputzak ez daude elkar ukitzen. Hori gertatzen da, adibidez, imanak burdin txirbilen gainean eragiten duen indarraren kasua. Urruneko gorputzen arteko elkarrekintza hauek datorren ikasturtean aztertuko ditugu.

tags: , ,
posted in DBHO1eko Edukiak, Indarrak by Jokin


 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org