Mahai gainean geldi dagoen gorputzaren gainean gorputz hori higitzeko besteko intentsitatea duen indar bat ezartzen baduzu, gorputza indarra ezartzen dugun norabide eta noranzko berean higituko da.
Beraz, ateratzen dugun ondorioa da indarra magnitude bektorial bat dela eta bektoreen bitartez adierazi daitekeela.
Horrela, gorputz baten gainean indar batek eragingo duen efektua, indarra aplikatzen deneko puntuaren, bere intentsitatearen (hau da, zenbakizko balio edo moduluaren) eta norabide eta noranzkoaren menpekoa izango da.
Errepaso moduan azaldu dezagun goran aipatutako ezaugarri bakoitza labur-labur:
- Modulua: indarraren intentsitatearen balioa da eta bektorearen luzeraren bidez adierazten da.
- Norabidea: bektorea barnean daukan lerro zuzena da.
- Noranzkoa: indarraren orientazioa adierazten du eta gezi-punta batez adierazten da.
- Aplikazio-puntua: indarra aplikatzen deneko puntua da.
SIko unitateak
SI sistemako indar-unitatea newton (N) izenekoa da. Unitate hau indarrek gorputzetan sortarazten dituzten efektuetatik definitzen da.