Espektro elektromagnetikoa

Aurreko bidalketan adierazi denez argia uhin elektromagnetikoen barruko maiztasun tarte jakin bateko uhin multzoa da. Kontutan izanik uhin elektromagnetikoak orokorrean garrantzi handikoak direla fenomeno fisiko askotan, azter ditzagun jarraian espektro elektromagnetikoa osatzen duten uhin multzo desberdinak.

Argia uhin elektromagnetiko bat da, baina uhin elektromagnetiko guztiak ez dira argidunak, giza begiak antzeman ditzakeen esanahian. Denak dira izaera berdinekoak: zeharkako uhinak dira, elkarren artean plano elkarzutetan bibratzen duten eremu elektriko eta magnetiko oszilakorrek eratuta; abiadura berdinarekin hedatzen dira eta soilik maiztasunean eta uhin luzeran desberdintzen dira.

Uhin hauen guztien multzoari espektro elektromagnetikoa deritzo eta uhin luzera eta maiztasun tarte zabala hartzen du bere baitan. Zati ezberdinetan dauden uhinak izen desberdinaz ezagutzen dira eta dituzten aplikazio ugariengatik ezagunak dira. Hala ere, ez dago uhin elektromagnetiko mota jakin baten eta hurrengoaren artean bereizketa argi edo zehazturik. Jarraian espektro elektromagnetikoaren zati bakoitza laburki aztertzen da.

Argia04bis

  • Irrati-Uhinak. Gailu elektroniko oszilatzaileek eragindako uhin elektromagnetikoak dira. Uhin luzera kilometro batzuetatik zentimetro batzuetarainokoa izan daiteke; eta maiztasuna 104 eta 1010 Hz artekoa. Irrati eta telebista komunikazio sistemetan erabiltzen dira.
  • Mikrouhinak. Hauek ere gailu elektronikoen bitartez eratzen dira. Uhin luzera 30 cm-tik 1 mm-ra arte aldatzen da gutxi gorabehera. Uhin luzera txiki hau dela eta, aire-nabigazioetan radar sistemetan erabiltzen da, baita materiaren ezaugarri atomiko eta molekularren azterketan ere. Etxeko erabilpen bezala mikrouhin labeak aipa daitezke.
  • Erradiazio infragorria. Tenperatura altuetan dauden gorputzek igorritako uhin hauek azkar zurgatzen dituzte material gehienek, bero eran agertuz, duten energiak materia osatzen duen atomoen agitazioa handiagotzen duelako eta tenperatura gehikuntza eragiten duelako. Uhin luzera 1 mm-tik 7·10-7 m-raino doa gutxi gorabehera, non argi ikuskorra hasten den. Erradiazio infragorria terapia fisikoan, argazkigintza infragorrian eta espektroskopia bibrakorrean erabiltzen da.
  • Argi ikuskorra. Uhin elektromagnetikoen mota ezagunena da, espektroaren zati hau giza begiak berehala antzeman dezakeelako. Maila atomiko eta molekular ezberdinen artean gertatzen diren jauzi elektronikoen ondorioz sortzen da. Argi ikuskorraren uhin luzera ezberdinak koloreekin sailkatzen dira, 7,5·10-7 m-4·10-7 m bitartea hartzen dutenak.
  • Erradiazio ultramorea. Uhin luzera 4·10-7 m-6·10-8 m bitartekoa da gutxi gorabehera. Kitzikatutako molekula eta atomoen arteko jauzi elektronikoen ondorioz sortzen dira. Argi ultramorearen iturri nagusia Eguzkia da, eta azalaren beltzarantzea eragiten du
  • X izpiak. Honen uhin luzerak 10-8 m-10-13 m tartea hartzen du. Orokorrean plaka metaliko bat energia handia duten elektroiekin bonbardatuz sortzen dira. X izpiak medikuntzan erabiltzen dira diagnosi tresna bezala eta baita minbizi mota batzuen tratamendu bezala ere; hala ere, berau erabiltzean kontu handia izan behar da, batzuetan itzulezinak diren kalteak eragiten baitituzte ehun bizietan. Egitura kristalinoen ikerketarako ere erabiltzen dira, uhin luzerak kristalen atomo barneko distantziekin konparagarriak direlako.
  • Gamma izpiak Hauen uhin luzera 10-10 m-10-14 m-ra arte zabaltzen da. Desintegrazio erradiaktiboetan eta erreakzio nuklear batzuetan zehar sortzen dira. Barneratze ahalmen handia dute eta ehun biziak sakonki mintzen dituzte; hau dela eta, erradiazio mota honen aurrean lan egiten duten pertsonak, zurgapen handiko materialekin babestu behar dira; adibidez, berunezko geruza lodiekin.

 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org