Nork bere aldetik, Faraday-k (Ingalaterran) eta Henry-k (Estatu Batuetan), zenbait ikerketa egin zituzten; ikerketon ondorioz, 1831. urtean ondorio bera lortu zuten:
Baldintza jakin batzuetan, eremu magnetiko batek korronte elektrikoa sortzen du eta, ondorioz, eremu elektrikoa
Bi ikerlariek aurrera eramandako lanak ondorengo saiakuntzan oinarritzen dira:
Kontsidera dezagun galbanometro bati lotutako espira moduko zirkuitu inerte bat (inolako sorgailuri elkartuta ez dagoen eroale homogeneoa). Espiraren planoarekiko perpendikularki kokatutako iman bat hurreratzen edo urruntzen bada, galbanometroak zirkuitutik korronte elektrikoa eroaten dela ikusten da. Imana finko mantentzen bada galbanometroak ez du korronterik neurtzen. Imanaren mugimendua espirara gerturatzea edota aldentzea bada, sortzen den korrontearen norantza aldatu egiten dela ere ikusten da. Efektu berdinak lortzen dira imana geldi egonik espira mugitzen bada.
Oinarrizko saiakuntza honen ondoren, Faraday-k eta Henry-k eremu magnetiko batean oinarrituz, korronte elektrikoak sortzeko beste era batzuk ikertu zituzten, hala nola:
- Imanaren ordez, korrontearen intentsitatea konstantea duen solenoide batekin lana egiten bada, imanarekin ikertutako fenomeno berdinak agertzen dira. Solenoidea espirarantz inguratu eta aldentzean, galbanometroan aurkako norantzako korronte elektrikoak nabaritzen dira. Solenoidea geldi badago, ez da korronterik pasatzen.
- Zirkuitu inerte batean solenoide eta eroalearen arteko higidura erlatiborik egon ezean ere korrontea sor daiteke. Horretarako nahikoa da solenoidea intentsitate aldakorreko korronteak zeharkatzea; hau sorgailuaren eta solenoidearen artean erreostato bat tartekatuz lortzen da.
Erreostatoa, erresistentzia aldakorreko gailu bat da. Erresistentziaren balioak aldatuz, solenoidetik igarotzen den korrontearen intentsitatea aldatu daiteke. Intentsitatea aldatzen bada, zirkuitu inertearen galbanometroan korronte elektrikoa eroaten dela ikus daiteke, korrontearen norantza ezberdina izanik intentsitatea handitu edo txikitzen bada. Intentsitate konstante batek ez du korronterik sortzen zirkuitu inertean.
Elkarren artean hain ezberdinak diren aurreko esperientzi horiek badute zerbait komunean: KORRONTE ELEKTRIKOA SORTZEA edo INDUZITZEA.
Fenomeno honi Faraday-k ondorengo interpretazio fisikoa eman zion: zirkuitu inertean korronte elektrikoa agertzen da espira zeharkatzen duten eremu magnetikoaren eremu lerro kopuruan aldaketa bat ematen denean. Espira zeharkatzen duten eremu lerro kopurua konstantea mantentzen bada, ez da bertan korronte elektrikorik induzitzen. Hau da, eroale inerteak mugatzen duen gainazalaren zeharkako FLUXU MAGNETIKOAREN ALDAKETAK sortzen du zirkuitu inertean elektroiak mugimenduan jartzen dituen indarra. Indar honi INDAR ELEKTROERAGILEA deitzen zaio eta berau izango da zirkuituan korronte elektrikoa sortaraziko duena.
Beraz: