Fenomeno periodikoak

Fisikan gertaera edo fenomeno periodikoak maiz agertzen dira; zenbait higidura aldi-aldian gertatzen dira behin eta berriz (horixe da, esaterako, Ilargiak Lurraren inguruan egiten duen higidurarekin, eztanda motorraren barruko pistoiaren higidurarekin, pendulu baten higidurarekin edo malguki baten higidurarekin gertatzen dena). Hala ere, ez dute sistema mekanikoek bakarrik oszilatzen. Naturan gertatzen dira mekanikoak ez diren oszilazioak ere. Adibide bezala, korronte elektriko alternoaren polaritatearen aldaketa, uhin elektromagnetikoak (irrati uhinak, mikrouhinak,…) har ditzakegu. Adibide guzti hauetan denbora tarte jakin batean magnitude fisiko baten balioa errepikatu egiten da. Gai honetan eredu mekanikoetan oinarrituko gara, sistema ez mekanikoak aurrerago aztertuko ditugularik.

Higidura Periodikoak

Gai honen helburua Higidura periodikoak aztertzea izango da. Horrelako higiduretan partikularen posizioa, abiadura eta azelerazioak denboran zehar errepikatu egiten dira. Higidura mota honen adibideak Lurraren inguruko Ilargiaren higidura, erlojuaren orratzen higidurak…

Higidura errepikatu arte igarotzen den denbora tarteari PERIODOA deritzo eta unitateen Sistema Internazionalean (SI) T ikurrarekin adierazi eta segundotan neurtzen da. Hots, higiduraren MAIZTASUNA segundo batean egindako bira edo ziklo kopurua izango da. SI-an f ikurrez adierazten da eta s-1 edo Hertz -etan (Hz) adierazten da.

Higidura Oszilakorrak

Higidura periodiko batzuetan (besteak beste, eztanda motor baten pistoiek, objektu bat zintzilik duen malguki batek edo pendulu batek egiten dutena) partikulak ibilbidea bi norantzatan deskribatzen du. Higidura horiei Higidura oszilakorrak deitzen zaie eta horrela higitzen den partikulari osziladorea.

ELONGAZIOA (x) aldiune jakin batean oszilazioan dagoen gorputzaren eta oreka posizioaren arteko distantzia da. ANPLITUDEA (A) elongazioak har dezakeen balio maximoa da. Biak metrotan adierazten dira

Eguneroko bizitzan gertatzen diren higidura oszilakorrak azkenean gelditu egiten dira, izan ere, sistema oszilakorrak elkarrekintza du inguruarekin eta marruskadura indarren eragina jasaten du. Hori dela eta, oszilazio hauei Oszilazio indargetuak deritze. Bestalde, marruskadura indarren eraginik ez duten oszilazioei Oszilazio askeak deritze; hauexek dira, hain zuzen ere, aztertuko ditugunak.

Higidura Harmoniko Sinplea (hhs)

Higidura oszilakorraren ibilbidea zuzena eta txikia bada eta mugimenduaren jatorria ibilbidearen erdian badauka, higidura horri Higidura bibrakorra esaten zaio. Higidura bibrakorretan agertzen diren magnitudeen aldaketak funtzio sinusoidalaren bitartez adierazi daitezkenean, higidura bibrakor hori Higidura harmonikoa da. Existitzen diren higidura harmoniko guztietatik oinarrizkoena Higidura harmoniko sinplea da, hain zuzen ere, hurrengo ataletan aztertuko duguna.

Proposatutako Ariketak

1.- Esan honako baieztapen hauek egia ala gezurra diren, eta arrazoitu erantzuna:

  1. Higidura periodiko guztiak bibrazio-higidurak dira
  2. Oszilazio-higidura guztiak bibrazio-higidurak dira
  3. Bibrazio-higidura guztiak higidura periodikoak dira

2.- Atentzioz irakurri aurrean azaltzen zaizuna eta, ondoren, eman ezazu higidura harmoniko sinplearen definizio fisikoa

Webgune Interesgarriak

6 Comments to "Fenomeno periodikoak"

  1. Araña wrote:

    Kaixo guztioi!

    Ikusten dut, Jokin, lan eta lan zabiltzala klaserako edukiak zintzilikatzen eta webgune interesgarriak bilatzen. Fenomeno periodikoei dagokiena irakurri dut, eta ariketak egiten saiatu. Ez dizut soluzioa eskatuko, baina zenbait kontzeptu argitu nahi nituzke, ez bainago ziur hauen esanahiaz:

    -Alde batetik, higidura bibrakorrei dagokienean, zer esan nahi du “ibilbide zuzena eta TXIKIA” edukitzeak? Hau da, zer kontsideratzen da ibilbide txikia eta ibilbide handia? Nola dakigu ibilbidea txikia den ala ez?

    -Bestetik, ariketa proposatuen inguruan, azken ariketan zentratuz, nola ematen da definizio fisiko bat? Zer diferentzia dago definizio fisiko eta arrunt baten artean? Ez duzu pentsatuko lehendabiziko egunetik formula fisikoak atera eta esplikatzeko gai izango garenik bakar-bakarrik…

    GELAKIDEONTZAT: bisita itzazue webgune interesgarri horiek, merezi du, bisitatu behintzat bigarrena, eztanda motoreen ingurukoa (sekulako simulazioa!): dudarik gabe, iazko kimikako oktano-indizearen ataleko esplikazioa baino askoz hobea. Txiklezko zubiarena graziosoa da, baina beharbada deskargak gehiegi irauten du eta ez du hainbesteraino merezi. Azkenik, duda txiki bat: Idoiak kimikan bidali zituen etxekolanetatik, daturen bat falta edo gaizki zegoen, arbelean adierazi zuelarik. Norbaitek erantzungo al lidake zuzenketa horren berri emanez?

  2. Jokin wrote:

    Kaixo Xabi

    Ikusten dut ederki asko ulertu duzula webgunearen filosofia. Zure iruzkinean agertzen dena da zuengandik jasotzea nahiko nukeena; galderak, kezkak, proposamenak… eta bestelako irakasgaien inguruan ere kezkak badituzu ba aurrera baina ahaztu gabe fisikaren inguruko web batean gaudela, eh!!

    Oraingoan bezala, hemendik aurrera ere, klase eguna heldu baino lehen ipiniko ditut artikuluak zuek aurretik irakurri eta gaiaren inguruan ipiniko ditudan loturak bisita ditzazuen. Oso baliagarriak izan daitezke aurretik egon daitezkeen kezkak hemen azaltzea, gero gelan argitu ahal izateko, horrela ni ere espabilatuta egon beharko naiz zuen kezken erantzunak garaiz prestatzeko.

    Ariketeei dagokionez, lasai ibili Araña! Proposatutako ariketen zailtasun maila desberdina izango duzue; agian horietako batzuk zuen kabuz ondo egiteko gai zarete. Ederki orduan! Baina beste batzuk gelako azalpena aurretik entzutea komeniko zaizuela iruditzen zait eta. hala eta guztiz ere, kasu batzuetan zailtasunak izango dituzue horrela ere. Beraz, lasai, izango dugu denbora zalantzak argitzeko.

    Beno, ea hain animotsu jarraitzen duzuen hemendik aurrera! 😉

  3. larraza wrote:

    aupa araña!

    kimikako etxekolanen zuzenketei buruz, honako hau idatzi zuen idoiak. 17. orriko 8.ariketan presioa atmosfera batekoa da eta 12. ariketan dentsitatea 18,7 gr metro kubikoko. berandu xamar baina ea balio dizun.

  4. Araña wrote:

    Eskerrak norbaitek erantzun didan!

    Eskarrikasko Larraza aldaketa horien berri emateagatik, dena dela, datuak imaginatzen nituen, bestela ariketak ez ziren eta zuzen ateratzen. Pozten naiz zalantzak komentatzeko norbait hor dagoela jakiteagatik, behintzat ikusten dut gune honek horretarako balio duela, primeran etorriko zaigu. Aio eta beste bat arte!!

  5. jon inazio wrote:

    Kaixo!
    Fisikarako webgune garrantzitsu bat bilatzen nengoelarik, honekin topo egin dut. Oso interesgarria den orria kontsideratzen dut eta irakasleari komentatuko diot honetaz.
    Garrantzitsua dela esaten dut, ikasten ari naizen guztia hementxe azalduta dagoela gure liburuetan ez bezala, eta hori oso gustukoa da.
    Zorte on Jokin:mrgreen:!

  6. Jokin wrote:

    Eskerrik asko Jon Inazio. Proiektu honekin hasi ginenetik apenas pasa dira bi hilabete. Denbora tarte honetan edukiak bakarrik zintzilikatzeko astia izan dut. Datorren ebaluaziotik aurrera atal berriak izango dituzu; ordenadorez lagunduriko esperientziak, simulazio zerrendak…

    Jakin dezazula zure proposamenetara irekita gaudela. Beraz, zerbait adierazi nahiko bazenu ateak irekita dauzkazu 😉


 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org