Newton-en lehenengo legea edo inertziaren legea

DinamikaAutobusean nahiz trenean goazenean, bada ezpada euskarri bati ondo eutsita joatea komeni dela ederki asko dakigu. Izan ere, autobusa balaztatzean gure gorputza aurrerantz doala badakigu; alegia, gure gorputzak duen jokabidea balaztei eragiterakoan, eragindako indarraren aurka higitzea da. Gauza bera gertatzen zaigu autobusa abiatzen denean. Kasu honetan motorrak aurrerantz egiten duen indarrari oposatzeko joera izaten dugu, gure gorputza atzerantz desplazatzeko joera adierazten duelarik.

Hala ere, gure gorputzak adierazten duen jokabide hori bakarrik ipintzen da agerian pausaguneko joera aldatzerakoan edota higidurako egoeran edonolako aldaketa gertatzen denean. Autobusa geldi badago edota higidura uniformez higitzen bada, gure gorputzak ez du aurreko joerarik adierazten.

Aurretik duen pausaguneko edo higidurako egoeran edonolako aldaketa egiteko gorputzek jartzen duten oposizio edo trabari inertzia deritzo.

Ondorioz, gorputz baten gainean indar batek ere ez badu eragiten edota eragiten badute, guztien erresultantea nulua bada, gorputz aurretik duen joerari eutsiko dio. Newton-en lehenengo legeak mota horretako esperientziak laburbiltzen ditu.

Gorputz orok aurretik zeukan pausaguneko edo higidura zuzen uniformeko egoeran irauten du, bere gainean inolako indarrik eragiten ez badu edo gainean eragiten ari diren indarren erresultantea nulua bada. (A)

Aurreko legeari buruzko bi ohar egin behar ditugu:

  • Dinamika05Naturan ez da existitzen indarren eraginetik libre dagoen inolako gorputzik. Horregatik ez da batere erraza esperimentalki printzipio hau egiaztatzea. Hala ere, lehenengo legea baliagarria da, izan ere, gorputzean eragiten ari diren indar guztien erresultantea nulua bada, egoera hori indarrik ez egotearen baliokidea baita.
  • dinamika06Inongo gorputzik ezin iraunaraz daiteke HZUz, indarren bat egin ezik, zeren beti baitaude higiduraren aurka jokatzen duten marruskadura-indarrak eta horiek neutralizatu beharra baitago.

Honen haritik esan beharra dago, autobusa abiadura konstantez higitzen bada bidaiaria zutik egongo dela, bere inertzi egoera aldatuko duen inongo eraginik nabaritu gabe. Hau da, erreferentzi sistema inertzial batean, bidaiaria geldi dago. (B)

Baina autobusak azeleratzen duenean, bidaiariak atzera egiten du bultza egiten dion “indar misteriotsu” baten eraginez. Datozen egunetan indar misteriotsu hori (indar inertzial izenez ezagutzen dena) aztertzen saiatuko gara, berari loturiko fenomeno desberdinen ikerketa eginez.

Kontutan hartzekoa

A) Agian zuetako norbaitek pentsa dezake gure gainean inongo indarrik eragin ezean higidura uniformea mantendu bai, baina agian zuzena izateaz gain zirkularra izan daitekeela. Ez da horrela. Izan ere, pentsa dezagun zer gertatzen zaigun autobusean edo kotxean goazenean eta kurba batean sartzen garenean. Nahiz eta abiadura uniformez higitu denok dakigu gure gorputzak halako indar bat nabaritzen duela bere gainean kurbatik kanpoalderantz, hau da, hain zuzen ere, kurba hartzen dugun aurkako noranzkorantz. Ikusten den lez, kasu honetan gure erreposo egoera aldatzen duen kanpo indar bat agertzen da gure gainean. Horregatik, kanpo eraginik agertu ezean gorputzak erreposoa edota higidura zuzen uniformea mantendu behar du.

B) Indar baten edo gehiagoren eragina jasaten duen m masa duen gorputz baten higidura dinamikoa aztertzeko, jadanik badakigun zerbait berriro ikusi behar dugu: higiduraren izaera erlatiboa. Beraz, erreferentzi sistemei buruz hausnartu behar dugu.

Proposatutako Ariketak

1.- Newtonen lehen legearen arabera baieztatu dezakegu: (TW401)

  1. Gorputz bat ezin dela desplazatu bere gainean indarren batek eragiten ez badu.
  2. Gorputz baten abiaduran gertatzen den aldaketa oro indar baten eraginez sortzen dela
  3. Gorputz bat higitzeko indar bat behar dela
  4. Gorputz bat gelditu egiten dela indarrik egiten ez badiogu

tags: , , ,
posted in DBHO1eko Edukiak, Dinamika by Jokin


 
Powered by Wordpress and MySQL. Theme by Shlomi Noach, openark.org